VII. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Helduen kategorian aipamen berezia

1060 views

Beasainen, 2019ko urriaren 30ean

Aitta:

Zemuz zaetz? (zer moduz zaude?)Ondo zaetz?(zaude)?Lasai zaetz?(zaude)?Dagoeneko bi hilabete pasatu dira, hirurogeita hamahiru  egun eta hirurogeita hamabi gau luze-luze , zu joan zinenetik, eta gaur eskutitz hau zuri idaztea erabaki dut zurekin  tartetxo batean  egoteko beharra , bizitzan esan ez nizkizun, esan gabe geratu ziren zenbait kontu gutxienez paper zurian  bihotzez  idazteko premia dudalako .

Azkartxo jun za (joan zara)aitta, azkartxo.Zuk esango zenuke 89 urterekin hiltzeko ez dagoela lotsarik, baina nik hemen , gure artean, gurekin, nahi eta behar zintudan, bilobak hazten ikusteko, gurekin egiten zenuen bezala umeak hazi ahala sukaldeko ate ondoko azulejoan marra arkatzez egiteko,  umetako eta gaztetako kontuak kontatzeko,garai bateko erromeriak,hasierako bertso txapelketak, Basarri, Uztapide, Xalbador…,Lazkao-txikiren pasadizoak, Altzoko erraldoiaren kondaira… guri kontatzen zenizkigun bezala gure seme-alabei kontatzeko, guretzat eta seme-alabentzat eredu izaten jarraitzeko … hainbeste gauzatarako aitta!

Egia esango dizut , guztiok dakigu heriotza hor dagoela,inork ezin diola ihes egin, baina ez nuen uste guregandik hain hurbil zegoenik,edo ez nuen jakin nahi,gugandik urruti nahi nuen heriotza … Gau hartan ospitaletik etxera joan  nintzenean, eguna elkarrekin pasatu ondoren, ez nuen uste  gure bizitzan elkarrekin kontu-kontari pasatutako azken eguna izango zela. Zuk ere ez, ezta Aitta?Sendagileak eguerdian esandakoa  esan nizunean, astelehenean probak egin eta asteartean etxera joango ginela seguraski, ze pozik jarri zinen! Bai,etxera joateko desiatzen  zeunden, gu ere bai, denak etxerako itzuleran pentsatzen ari ginen … baina ez zen itzulerarik izan.

Hil zinen gauetik aurrera  ze luzeak izan diren gauak!, begiak ezin bildurik… elkarrekin pasatu genuen azken eguna, abuztuaren 16a, bihotzean iltzatutako eguna, segundoz segundo gogoratzen eta aztertzen,  esan zenuena, egin genuena… den-dena behin eta berriz buruan …..Ez, ez ditut inoiz ahaztuko zurekin pasatutako azken egunak,  batez ere azken eguna.   Ezta niri esandako azken hitza ere, ospitaleko gelan ni sartzean,  ezagutu ninduzunean, bostekoa emanez esan zenidana: Neska!

Bai, aitta, ni zure neska motza izan naiz, naiz eta izango naiz bizitza honetan eta beste bizitza guztietan. Ez dizut inoiz esan, baina zure alaba izateaz beti egon naiz harro eta nago. Zure antza dudala esan didaten bakoitzean ze gustura sentitu naizen! A ze ohorea niretzat! Bai hoixe!  Sekretotxo bat kontatuko dizut: Umea nintzela, behin bizilagun bat etorri zitzaigun amarengana eta niregana esanez zure antz ikaragarria nuela, baita ibileran ere, zuk bezala eskubiko oina zuzen bota beharrean pixka bat okertzen nuela, erlojuaren irudia erabiliz hamabiak eta bostean denean orratza okertzen den bezala okertzen nuela oina, nik zuk bezala egiten nuela…..ba hori esan zuelako bizilagunak, ordura arte gure ibilera “bereziaz” ohartu gabe banengoen ere,  gogoratzen dut egun hartatik aurrera, eta denbora-tarte luze batean, oina nahita gehiago okertzen nuela zure antz handiagoa izateko.

Umetan gehien gehien gustatzen zitzaidan jolasa zuk badakizu zein zen? Oraindik gogoratzen naiz… zure besoetan hartzen ninduzunean, eta  zure lanbideko lan-tresnak kontuan hartuz eta “zepiloaren” beharra nuela esanez, zure esku zabalak  zepilo bihurtu eta besoetan, hanketan, gorputzean “zepiloa” pasatzen zenidan niri kilimak eginez  eta ni… barrez algaraka. Hori da umetako oroitzapenak gogoratzean  burura datorkidan  irudi atsegina, irudi alaia,  ni pozik eta barrez zure ondoan.

Beste irudi bat: Zu arkatza belarrian jarrita eta bonbatxoak soinean, eta egur usaina etxean, tailerrean. Aitta, zure bizitza laburtu beharko banu gu eta lana edo lana eta gu? esan beharko nuke?. Xabier Leteren abestiak zioen“Zazpi senideko famili batean arotza zen gure aita, gure herriko alkate ez izan arren, lan egiten zuena” Zazpi senide izan beharrean zuek zortzi izan zarete, eta zuk ere zenbat lan egin duzun! Abesti hau beti gustatu izan zait zurekin gogoratzen nintzelako, hemendik aurrera lehen baino ozenago eta hunkituago abestuko dut gure artean ez zaudelako, zurekin asko asko asko gogoratzen naizelako.

Ospitalera joaten nintzenean, amarengatik galdetzen zenidan beti. Badakit berriz elkartuko bagina lehenengo amarengatik galdetuko zenidakeela. Lasai, aitta, ama ondo dago.Ama ondo dago berak gu ondo egotea nahi duelako, eta badakielako gu ondo egoteko bera ondo egotea behar-beharrezkoa dugula, eta badakizu ama nolakoa den, beti besteengan pentsatzen.Lasai, berarekin gaude, zure hutsunea hor dago, baina berarekin gaude etxeko guztiak.

Jarraituko nuke zuri idazten, baina bukatu beharra daukat. Eta bukatzeko aitta, gauza bat esan nahi dizut, ez dakit bizitzan esan dizudan, beharbada ume-umetan, badakit jakin badakizula eta jakin izan duzula, eta nahiz eta hitzez ez esan, ikusarazi eta sentiarazi dizudala, baina esan beharra daukat: ai aitta!zenbat maite izan zaitudan! Zenbat maite zaitudan! Eta hemendik aurrera ere zenbat maiteko zaitudan! Heriotzak ezingo du gure arteko maitasunarekin!

Beti izango zara gurekin! Zuk emango diguzu egunerokoari heltzeko indarra!

Zure neska motza (Marian)