VII. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Gazteen kategorian aipamen berezia
GURASOEI GUTUNA
Kaixo aitatxo eta amatxo:
Egunero, ordu oro, minuturo, segundoro… mila buelta ematen dizkiot neure buruari. Gaur, tutoretzan, gurasoei buruz hitz egiten aritu gara, eta arratsaldean gurasorik gabe zer izango nintzatekeen galderari erantzuten saiatu naiz. Neure burura milaka erantzun etorri zaizkit, baina erantzun gustukoena hauxe izan da: nik nahiago dut orain daukadan bizitza izan ditudan guraso zahar baina jator hauekin. Ni jaio nintzenetik, 2006ko ekainaren 23tik, nire ondoan zaudetela badakit: aholkuak emateko, ikasketetan laguntzeko, lagunen harremanekin laguntzeko, gauzak erakusteko, gu maitatzeko… Oraingoz, pentsatuko duzue guraso perfektuak zaretela, baina ez, dakizuen bezala, inor ez da perfektua eta zuek ere ez.
Ama, badakizu desastre hutsa zarela teknologia berrietan, bai mugikorrarekin eta baita ordenagailuarekin ere. Ez dakizu argazki bat behar bezala ateratzen ere! Zuk ateratako argazki gehienetan zure behatza ateratzen da. Amonak ateratzen ditu zuk baino argazki hobeak! Teknologia berri hauekin asmatzen ez duzunean, guri deitzen diguzu, anaiari edo niri. Badakit esan behar dudana sekretua dela, baina aitortu behar duzu askotan guri esker egin dituzula egin beharreko zenbait lan. Batzuetan prest egoten gara zuri laguntzeko, baina beste batzuetan ez dugu gogo handirik izaten, ez entzunarena egiten dizugu eta zu orduan estresatu eta zure onetik ateratzen zara.
Aita, mugikorraren kontua azalduko dizut. Aita, dakizun bezala, ez gara oso ondo konpontzen mugikorra tartean sartzen denean. Mugikorrarekin ikusten nauzun aldiro sutan jartzen zara. Egia esan, ordu asko pasatzen ditut mugikorrarekin, baina lana egiteko eta lagunekin hitz egiteko erabiltzen dut. Badakit ez zaizula batere gustatzen ni horrela ikustea, mahaia jarri beharrean mugikorrarekin aritzea, familiako bazkari batean mugikorrari begira egotea, lagunekin kalera atera eta mugikorrarekin aritzea… baina, aita, ulertu behar duzuna da zu ere momentu honetan ezin izango zinatekeela mugikorrik gabe bizi, ni bizi ezin naitekeen bezala.
Baina egia esan, nahiz eta beste garai batekoak zaretelako teknologia berrietan oso trebeak ez izan, eta horretaz gain beste akats batzuk ere izan, jarraitu zareten bezalakoak izaten. Nahiz eta gaizki abestu abesten, dantzatzen, platera arraro eta bereziak prestatzen, nonahitik entzuten diren zurrungak egiten, burua sartu gabe eta motel-motel igeri egiten, nahiz eta txarrak izan eta baloi bakar bat ere saskian ez sartu, gurekin saskibaloian jolasten, eta, batez ere, gu maitatzen.
Maitasun osoz, zuen alaba.
ZAPOTXIN (Uxue)