VI. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Helduen kategorian irabazlea

1104 views

“Denborak ez ditzan oroitzapenak lausotu”

Kaixo AMA-AITA:

Egungo bizimodu azkar honek garamatzan abiaduran zaila da askotan bidean geratu eta daukagun horri balioa ematea. Gaur gelditzea erabaki dut ordea, baditudalako esan nahi dizkizuedan kontu batzuk. Esan gabeak batzuk, nahi bezala azaldu gabeak besteak. Denborak ez ditzan oroitzapenak lausotu.

Denborak edo urteek ematen dizuten perspektibak alde batetik sendoago egiten gaituen bezala, atzera begira gauza askotaz jabetzeak ahulago, zaurgarriago egiten gaitu. Hori kontraesana. Zergatik esango nion nik hori amari? Zergatik ez nuen hori inoiz egin aitarekin? Zergatik ez nion hura eskertuko amari? Zergatik jokatuko nuen modu hartan? Hara hor EGIN NUENA – ORAIN EGINGO NUKEENA dikotomia… baita pentsatzen dudana eta esan ez dizuedanaren arteko aldea ere.

Eginak egin, esanak esan, inoiz ez-esanak nahi dizkizuet esan gaur, nire oroimenean bakarrik gera ez daitezen, ez zatekeelako justua. Oroitzapen txiki hauek, elkarrizketa xume haiek, gomendio ausart haiek, maitasun eta babes erakusgarri oro, zuengandik txikitan jasoak:

BADAKIZU AMA, askotan oroitzen naizela familian pasatzen genituen momentu haiei ematen zenien balioaz. Halaber, txikitan ez nuen ulertzen, zergatik  zure bete-beteko ardura hura etxeko zaharrenen zaintzari emana,  hainbat gauzari uko eginez. Gerora jabetu nintzen ordea familiagatik egin duzunak duen balioaz, amonagatik, aitonatik, izebarengatik, eta beste askorengatik! Beti laguntzeko prest, ez dakit nondik ateratzen zenuen indar, denbora, adore eta energiaz. Ez dizut orain arte inoiz esan, baina eman diguzun ereduak, horretatik guztitik atera dugun irakaspenak, horrek ez du preziorik.

INOIZ ESAN AL DIZUT AITA, zenbat gustatzen zitzaizkidan zientzia ulertzeko etxeko beheko sukaldean egiten zenizkigun esperimentuak? Eguzki sistemarenak, elektrizitate zirkuituak, likidoen bolumenen ingurukoak… Horrek biztu arazi zigun guri hainbat gauzarekiko jakin-mina. Bada gauzatxo bat kontatuko dizut: lehengoan muntaia horietako bat egiten saiatu nintzen (eta zureen ondoan irrigarri geratu zen noski!)

ESAN AL DIZUT NOIZBAIT AMA, zein harro nagoen emakumeon lekua mundu honetan zein izan behar zen erakutsi didazulako. Nahi duguna izateko, nahi duguna egiteko, nahi dugunean eragiteko, beste edonoren pareko izateko. Orain  kontzienteago naiz horrek eskatzen duen esfortzuaz eta arduraz. Zu,  ama, langile, eta beste gauza asko izan zara; zuk askoz zailago izan zenuen zure garaian, eta lezio ona eman diguzu, benetan.

GOGOAN AL DITUZU AITA, Anoetara futbol partidak ikustera joaten ginen igande arratsalde haiek, elkarren ondoan… betiko izango dute lekua nire oroimenean. Autobus bidaia haietako batean gogoan dut nola esan zenidan, “irten mundura, ikusi eta ikasi besteengandik, orain duzu hori egiteko garaia”; adorea eman zenidan! Eskerrik asko kanpora hegan egiteko hegoak emateagatik, oraindik hain ohikoa ez zenean.

OROITZEN AL ZARA AMA, ebakuntza txiki hura egin zizutenean ospitalean egotea tokatu zitzaizkizun bizpahiru egun haiek? Sinetsiko didazu, oraindik ere tarteka irekitzen zaidala erruaren edo damuaren arrakala. Zergatik ez nintzen geratu zurekin gaua pasatzen? Eta badakit, ni gazte izanda, zuk nigan pentsatuz lasai alde egiteko esan zenidala, joateko lagunengana,  ez gelditzeko gaua pasatzen zurekin, ondo zeundela.  Orduan eta beti, besteak zure buruaren aurretik, modurik esku-zabal eta eredugarrienean.

ETA BAI AL DAKIZU AITA: “ahots itzali eta etenaz lasai egoteko esaten zion aitak semeari,  urrutian entzuten ziren bonben zarata hotsa eta harrotutako hautsaren artean…”,  horrela hasten zen hamar bat urte nituenean, gaztelaniako klaserako egiten lagundu zenidan idazlan laburra. Erabat liluratzen ninduen zure idazteko etorriak nik oraindik menperatzen ez nuen hizkuntza hartan. Nire (gure) lanaz harro joan nintzen ni eskolara; segituan konturatu zen nire ondoan esertzen zen laguna idazlan hori ez nuela nik bakarrik egin, eta azkar agertu zidan gurasoek lagunduko zidatelako susmoa. Nik ukatu egin nion inongo laguntzarik jaso izana, noski! Gure sekretua izaten jarraituko du, ados?

JAKIN NAHI AMA, askotan oroitzen naizela nerabe nintzela izaten genituen elkarrizketa sutsu haietaz, gure herria zena gora, gure herria izan beharko zukeena behera? Batzuetan behar baino gehiago berotzen nintzen, eta orain irribarre bat ateratzen bazait ere, eskerrak gure herria, gure kultura maitatzen irakasteagatik, hori baita gure altxor handietako bat.

KONTATU AL DIZUT INOIZ AITA, zenbat gustatzen zitzaizkidan, goiz batzuetan eskolara eramaten gintuzun egun haiek. Estankoan egunkaria hartu eta pozik denok kotxean eguna hasten genueneko garaiak. Eta are poz handiagoz agurtzen zintugun, gogokoen genuen komikia argitaratuko zen eguna zela gogorarazten zenigunean. Zirraraz itxarongo genuen iluntzean lanetik iritsiko zinen momentua, eskuartean hilabetekari hura izan arte (egungo haurren eguneroko ase-ezineko desira materialistekin alderatu behar!)

Zerrenda amaigabea litzateke ordea…

Gauza txiki hauek guztiek, eta zuengandik jasotako beste gauza handi askok egin naute gaur ni naizen hau.

Orain niri dagokit balio hauek nire ondorengoei helaraztea.  Erronka handia jarri didazue, eta ez dakit gai izango naizen neurria emateko, egoerak agintzen duen mailan jokatzeko. Zuek eman didazuenaren zatitxo bat bakarrik nire semeei ematen badiet ere, badakit lasai egon nintekeela,  zuen zati handi bat jasoko dutelako.

BAI AL DAKIZUE BIOK, izan nitzakeen gurasorik onenak izan zaretela?

Arane

Naiata Goia