VII. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Helduen kategorian irabazlea

1084 views

Kaixo bioi:

Harrituta gutun hau jasota, ezta? Egia esan, neroni ere bai, horretarako asmorik ez bainuen, baina ondo ezagutzen duzue ordenagailu aurrean esertzera bultzatu nauena; zuen biloba izan da beste behin ere erruduna. Tratu bat egin genuen bere garaian, Itxaroren lehiaketarako gutuna idazten bazuen, neuk ere idatzi beharko nuela. Eta ondo erakutsi izan didazuen moduan… hitza bete egin behar da.

Erakutsi izan dizkidazuen gaiez ari naizela… badaude sekula esan ez dizkizuedan arren, ondo gogoan ditudan eta burura etortzen zaizkidan unetan irribarre txikia sortzen dizkidaten batzuk.

Badakizu, ama? Txikitako oroitzapenen artean maitasun handiz gogoan ditudan uneen artean, bada gaur egunera arteko ohitura mantentzera bultzatu nauen bat. L hizki larria idazteko modua da. Ez zara sekula jabetu, ezta? Baina beste hainbat gauzarekin imitatu nahi izan zaitudan moduan… L idazteko modua kopiatu nizun. Gogoan ditut aiton-amonen etxera iluntzetan joaten ginen egunak. Ez dut argi zeren bila joaten ginen, baina gu biok auto barruan geratzen ginen zain eta hortxe egiten zenuen magia. Autoaren leihora arnasa bota eta lurrun artean nire izena idazten hasten zinen: Leire. Eta txoratuta uzten ninduen L hura egiteko sortzen zenuen suge eder eta dotore hark. Ez dut sekula ikasiko zure idazkera hura ondo imitatzen, baina dotore idatzi nahi dudan guztietan, haurtzaroko L bihurri hori azaltzen zait.

Eta ama… oroitzapenen kutxa ireki dudanez… anaia eta biok ondo gogoan dugu etxeko sukaldaria, aita, alegia, falta zen egun hartan zer eratako afaria izan genuen. Gaur egun modan dagoen dekonstruitutako tortilla eta halako zerbait prestatu zenigun. Pentsa! Patatei hortza sartzea ezinezkoa zela jabetu arte ez zinen konturatu zerbait oker atera zitzaizunik! Oraindik ere barre-algara ederrak egiten ditugu anaia eta biok egun hura gogora ekartzen dugunean. Baina, lasai, goi mailako sukaldaritzan ere prestaketa-lan askoren atzean akatsak daude eta hortik ateratzen omen dira maisulanak!

Sukaldeaz ari naizela… burura etorri zait aitaren irudi bat. Bere urtebetetze-eguna zen eta zer oparituko eta… aurreko mantala oparitzea bururatu zitzaigun anaiari eta bioi. Gogoratzen den bakoitzean, gaur egun ere, kopetan zimurrak ateratzen zaizkiola esango nuke. Argi geratu zitzaigun… opariekin asmatu nahi izanez gero… aitari aire librean erabiltzeko zerbait oparitu behar zaio!

Saiatu izan gara behin baino gehiagotan aita sukaldeko lanetik aldentzen, baina ondo jakin izan du beti gero nork egin beharko zituen bertako garbiketa-lanak eta sekula ez digu utzi gerturatzen. “Koxinaketak” deitzen zenien janariren bat prestatzen hasteko nire gogoei. Baina sukalde-girotik ere beste hamaika hitz xelebre atera izan dituzu zuk, e? Gogoan dut gure gaueroko elkarrizketa: “Aita, zer dago afaltzeko?” eta erantzuna: “txepetxan muñek!”. Urte batzuk geroago bururatu zitzaidan hitz haien esanahia hiztegian begiratzea eta, egia esan, ez dirudi ez oso menu gustagarria eta betegarria horrek. Askoz ere nahiago genituen guk zure betiko otorduak, baina horietan ere liskarrak sortzen trebeak ginen anaia eta biok. Onena bukaerarako uztea erabakitzen nuen beti nik eta, hortaz, patata frijituak plateraren albo batean pilatzen nituen bukaeran jateko asmoz baina… anaia bizkorragoa izaten zen eta neure plateretik lapurtzen zizkidan denak.

Anaiaren lapurreta txikiekin akordatuta… beste zalantza bat sortzen zait. Neuk ere txikia gehiago defendatuko al dut zaharraren aurrean? Ahulago ikusiko al dut etorkizunean? Gogoratzen al zarete zuek zer egiten zenuten nire nebak minik har ez zezan gauez? Hark goiko ohean egiten zuen, niri behekoa tokatzen zitzaidan eta, hala, ohetik erorita ere, beti biguntasuna topatzen zuen. Neroni, alegia! Neuk ere halako zerbait egingo al dut nahi gabe bada ere?

Niri dagokit orain zuek hasitako lanarekin aurrera jarraitzea. Alabei hezten eta hazten lagundu nahi diet, baina, aita, ama… zer zaila den batzuetan! Baina orain ere, haurtzaroan bezalaxe… hortxe zaudete, aurrez aurre edo telefonoaren beste aldean, laguntza edo aholkuak batzuetan eskatu aurretik ematen, zuzenean batzuetan, zeharka besteetan. Zoriontsua izan naiz eta… badakizue zer? Aita eta ama bikainak izan zareten eta zareten arren, oraindik are hobeak zaretela aiton-amonen rolean. Alabei aurpegietara begiratzea nahikoa da horretaz jabetzeko.

Eskerrik asko bioi. Denagatik. Naizena eta garena zuei esker garelako.

 

Murumendi azpikoa (Leire)