VI. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Gazteen kategorian irabazlea

1002 views

MUXU LIKATSUEN ATZEAN

 

Eta gaur gogora ekartzen ditut nire listu likatsuak muxu txiki baten bidez zuenarekin bat egiten zituen garaiak. Eroskiko azenarioz eta sagarrez eginiko potito haietatik sorturiko kaka plasta garbitzen zenidatenekoa, gau oro egunkariak ateratako liburu bilduma haietatik kapitulotxo bat irakurtzen zenidatenekoa, “bihar nire urtebetzea da” delako aitzakia harturik elkarrekin bizkotxoak egiten genituenekoa.

2002ko muxu maiztasuna: 95/hilabeteko

 

Gauzak aldatu egin ziren ordea nire lagun minen zerrendan zuek lehen postuan egoteak ondorio latzak ekarriko zizkidala konturatu nintzenean. Maite zintuztedan, zin dagizuet, baina ez nengoen haurtzaindegian nire gelakideekin lortu nuen reputazio hura galtzeko prest, nire herriko neska taldetik at gelditzeko prest edota errekreoetan egiten genituen futbol partiduetan azken aukeratua izateko prest. Maite zintuztedan bai, baina nire lerdea zuenarekin nahastearen keinu polita jendeak ez zuen hain begi onez ikusten. Honela, kobra modukoak hasi nintzaizkizuen egiten. Zuen ezpainak helmugatzat zituzten muxuek zuen masailean amaitzera kondenaturik gelditu ziren (etxekoak ez zirenen begiradapean behintzat), denbora luzez Donostiarako bidaia egin duen autobus gidariari  bidea aldatu eta Burgosera bidaliko balute bezala, nire barne eskemak apurtuz. Karril aldaketa hura bortitza egin zitzaidan hasiera batean. Egunak, hilabeteak, urteak joan ahala ordea bide “berri” hura normalizatzen joan zen, nire ohituren barnean sartzen.

2006ko muxu maiztasuna: 21/hilabeteko

 

Zortzi bat udazken biziak nituenerako lagun minen zerrenda hartan jada atera ere ez zineten egiten eta hori gutxi balitz beste zerrenda bat sortu nuen zuontzat. “Etxera iristean afaria prest uzten didaten pertsona horiek”, “Tonto aurpegiaz egun-onak ematen dizkidaten horiek” eta “Etxean sekulakoak bota ondoren kalean heldu enrollatuen pintak egiten dituzten horiek” izenbururen artean dudatan egon ondoren, azkenean “Harrikoa egitera behartzen nauten horiek” izenarekin bautizatu nuen zerrenda hura eta han bai, han lehenbizikoak zineten.

2009eko muxu maiztasuna: 12/hilabeteko

 

Lurrak nirekin batera eguzkiari hamahiru buelta inguru emanak zituenerako, zuekin nuen erlazioa nahiko konplexua zen. Nire lagunekin nindoala kaletik ikusten bazintuztedan, zuei bizkarra emateko edozein aitzakia bilatzen nuen, nire ondokoarekin hasten nintzen hizketan eta noizbait zuhaitz baten atzean jartzera ere iritsi nintzen, nire gorputza zutabe harekin guztiz estaltzea ezinezkoa zela jakinda, nire silueta pixkat desitsuratzeko saiakera zentzugabean.

Etxean ordea gauzak aldatu egiten ziren. Sarritan zuen besoek nire begiko lakrimalarekin konexio bat zutela pentsatzen nuen, eta malko bat ateratzear zegoen mometuan elkar komunikatzen hasten zirela, ondorio bezela zuon bion beso haiek niri deika hasten zirelarik, haien besarkada kontsolatzaileak eskainiz. Nik enuen zalantza egiten, eskaintza hura berehala onartzen nuen, kalean agurtu ere egiten enituen pertsona horien sorbaldan nire muki eta malkoak utzirik. Hori bai, muxurik enuen onartzen, garai hartan ere nire lerdea nire ahoa heze mantentzeko soilik erabiltzen nuen, Ediporen sindrome posible bat harrapatzearen beldur.

2014ko muxu maiztasuna: 8/hilabeteko

 

“Zorionak zuri” kanta hamasei alditan entzun nuenerako, nahiko errebelde nenbilen. Nire gelako objektuen orden subjetibo hura (nik nire barne egoerarekin lotzen nuena) eta zuek oihan basatitzat jotzen zenutena kritikatzen zenutenean ero baten moduan hasten nintzaizuen garrasika, gustuko enituen galtza haiek erosi zenizkidatenetan bezela edota asteburu guztietan parranda egiteko adina heldua ez nintzela esaten zenidatenean bezala. Bestalde, errespetu deitu zitekeen sentimendu bat hasi nintzen sortzen zuekiko, ni eta nire munduaren sostengu nagusiak zuek zinetela konturatzen hasi nintzenean. Honela, ustezko autonomia bat saiatu nintzen nire egunerokoan lortzen, zuekiko dependentzia pixkanaka hauste arren. Gaur egun ordea, autonomia hura erlatiboa zela konturatzen naiz, ostiral arratsaldean erositako pipa paketea nik neuk lortutako sosekin ordaintzen bainuen, baina gero sukaldeko lurretik utzitako kuleroak edo mahai gainean utzitako ogi papurrak jasotzeko adina heldutasun ez nuen. Bitartean nire ezpainek zuon masailean soilik jarraitzen zuten haien listu arrastoa uzten.

2017ko muxu maiztasuna: 3/hilabeteko

 

Gaur, Donostiako alde zaharreko taberna honetan, parean dudan mutil honen lerdeak nirearekin bat egiten duen honetan, gogora ekartzen ditut nire listu likatsuak muxu txiki baten bidez zuenarekin ere bat egiten zituen garaiak. Eta pentsatzen jartzen naiz ea alkohol hatsa darion mutil honek nire ezpainen kontaktua sentitzeko pribilegio gehiago duen zuek baino. Pentsatzen jartzen naiz ere ea muxuak diren benetan norbaitekiko maitasuna adierazteko modurik onena, hala kontsideratzen bainituen txikitan. Baliteke halaxe izatea baina ez dut uste denbora luze batean behintzat nire muxuen helmuga edo karrila aldatzeko ahalmenik izango dudanik, zuoi ezpainetan muxu bat ematea ez da naturalki ateratzen zaidan zerbait. Edipo sindrome bat harrapatzearen beldur agian? Parrandan aurkitutako pertsonentzako soilik erreserbatzen ditudalako? Ez dakit. Kontua da muxuaren nolabaiteko ukazio honek zuoi maite zaitut esateko beste mila modu bilatu nahiz sortzeko aukera ematen didala eta gaur, adibidez, literaturaren magia izan dut bidelagun zuekiko sentitzen dudan maitasuna eta mirespena adierazteko. Aita eta Ama, maite zaituztet.

2018ko muxu maiztasuna: 1?/hilabeteko

Nora