VI. “GURASOEI GUTUNA” idazlan lehiaketa. Helduen kategorian aipamen berezia
ATARRAMENTUAK
Guraso maiteak:
Zuek esango zenuketen bezala, “hau atarramentua!!” gutun hau idatzi beharra. “Atarramentua”, komeriak sortzen dizkizuen tramankulu edo egoera baten antzeko zeozer da zuentzat, 3.0 gizartea bizitzea tokatu zaizuen hoientzat.
Mugitzea eragozten diguten mugikorrak, preso hartzen gaituzten ordenagailuko leihoak… hoiek ere ikusi eta bizi dituzue, Norteko Ferrokarrilla-ren bertsoak buruz ikasi zenituztenok. Eta nik, errailetatik irtengo naizen beldurrez, erraietatik bideratzen saiatuko naiz.
Gurpila eta sua omen dira gizakiak deskubritu omen dituen atarramenturik garrantzitsuenak eta bere horretan, ni ere guztiz ados nago: gizaldiz gizaldi eta belaunaldiz belaunaldi igaro den gurasotasunaren gurpil ziklikoa, maitasunaren suaz lagunduta beti ere; hori izan da seme-alabok bizirik mantendu gaituen atarramentua.
Mundu baten eta berritu den beste mundu baten arteko katebegiak izan zarete eta oraindik ere, zarete. Jaiotza ,bizitza eta heriotza etxetik bertatik pasatzen ikusitakoak zarete eta guri berriz, heriotza bizitzen ere ahaztuarazi nahi digu egungo gizarteak. Baina aita eta ama izaten irakasten ez diguten bezala, seme-alaba izaten ere soilik bizitzak irakasten du; gurasoen laguntzaz. Zuen laguntzaz.
Atzera egiterik izango bagenu, seme-alaba orok baliatuko genuke aukera zuei biziarazi izan dizuegun une txar oro ezabatzeko, zalantzarik gabe…baina zer demontre! Sasirik gabe ez omen da lorerik estimatzen eta bizitza bera ere, momentu gozo eta gazietan loratzen da.
Nik neronek, mundura nola egokitu zareten miresten dut, jakinda zuen aurreko mundu hura zeinen ezberdina zen. Sorgintzen gaituzten pantaila eta burumakur eta alai ibilarazten gaituzten mugikorrei esker, begietara begiratzen ere ia ahaztu zaigu.
Elkar ez ezagutzeko komunikatu soilik egiten gara orain.
Begiekin ez delako ikusten, unean uneko begiradarekin baizik. Zuek hain ongi ikusten jakin duzuen begiratzeko moduarekin.
Garrantzitsua zer den eta zer ez den ezberdintzen zaila egiten zaigun bizitza moderno honetan, modernoenak zuek izaten jarraitzen duzue, gurasoak zaretelako. Gurasotasuna delako irauten duen bakarra, beste denak iraungitze data dakarrelako. PIN kodeak eta barra kodeak nagusi diren mundu honetan, bizitzaren kodeak zeintzuk diren gogorazten dizkidazuelako une oro.
Bukatzeko, nire bizitzaren zati izaten jarrai dezazuen eskatuko dizuet beste behin ere, 3.0 bizitza honek despistatu eta bere menpe hartzen nauenean, “bizitza ta punto!!” batekin esna nazazuten.
Bitartean, nire munduko tokiz kanpoko lekuetan topo egiten jarraituko dugun esperantzan, mila muxu aita eta ama!!
POKEMON
P.D: Ilobak, urte bete barru edo, azalduko dizue nor den sinadurako izaki hori kar,kar!!
Iñigo Legorburu